Sanduzelaiko festek irekiko dute asteburu honetan Iruñeko auzoen ospakizunen egutegia

Haritz Pascual Garjon 2024ko api. 23a, 19:46

Auzoak ekimenean bilduta auzoetako jai batzordeek udal gobernu talde berriaren jarrera txalotu dute. "Entzuten gaituzte, lagundu nahi digute eta azken urteotako trabak atzean geratuko dira" azaldu dute.

Eguraldiari begira lanean ari dira Sanduzelain, Iruñeko auzoetako festen denboraldia zabaltzeko. Auzoak ekimenean parte hartzen dute, beste auzoetako jai batzordeekin batera. "Gora Iruñea desagertuta, auzoz auzo egiten den lana bildu, koordinatu eta elkar laguntzeko beharra ikusi genuen" azaldu dute, "UPN gobernuan izan den urte hauetan, genituen trabei aurre egiteko balio izan digu". Urte zailak izan dira, Udala eta jai batzordeen arteko traturik ez zegoena. "Ez genuen laguntzarik festak montatzeko, sexu erasoen kontrako protokoloak martxan jartzeko, komun publikoak jarri ahal izateko...azken adibidea erraldoien kalejirei jarri zieten debekua izan da, konpartsak eta milaka haur eta familiak espaloietara bidali zirelarik". Traba hauez gain, Udalaren zerbitzuen murrizketa ere pairatu da auzoz auzo. "Ez dago langilerik eskenatokia muntatzen laguntzeko, banku publikoak kendu edo ta argi indarra entxufatzeko". Iruñeko Udalean aldaketa gauzatuta bestelako giroa topatu dute jai batzordeek mahaiaren beste aldean. "Entzuten gaituzte eta kontutan hartu gure beharrak" azaldu dute, "Laguntzeko prest da udala, diru partidak handitu eta esate baterako, komun publikoak jartzeko laguntza eman digute. Noski, erraldoiak kaleetara itzuliko dira".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!