‘Gazarekin Elkartasun Aktiboa' kanpainak 154.000 euro jaso ditu

Bidane Beloki Ezker 2024ko api. 18a, 10:58

Yala Nafarroako Isa Eguiguren eta Ola Arafat eta Gernika Palestinarekin erakundeko Ibon Meñina

Yalah Nafarroak eta Gernika Palestinarekin kolektiboek abiatutako kanpaina da; amaitutzat eman duten arren zabalik jarraituko du konte korrontea ekarpenak jasotzeko. MunduBat GKEak kudeatuko ditu erakunde palestinarrentzat eta Gazara bideratuko diren funtsak. Nafarren erantzukizunarekin "harrituta" eta "eskertuta" agertu dira antolatzaileak.

Yala Nafarroak Palestinarekin eta Gernika Palestinarekin egindako 'Elkartasun aktiboa Palestinarekin' kanpainak 154.000 euro inguru bildu ditu; horietatik 76.589 euro Nafarroan jaso dira. Funtsak udalen ekarpenetatik, hainbat enpresatan hautetsontziak jarri zituzten sindikatuetatik, Nafarroa osoko herrietan antolatu diren jardueretan bildutakoetatik eta banakako ekarpenetatik datoz. Kanpaina amaitu bada ere, kontuak irekita geratuko dira ekarpenak jasotzen jarraitzeko, antolatzaileek azaldu dutenez "egoerak hala eskatzen duelako eta elkartasun aktiboak oraindik ere hor jarraitzen duelako".

Yala Nafarroako Isabel Eguigurenek eta Ola Arafatek eta Gernika Palestinarekin elkarteko Ibon Meñinak eman dituzte datuak eta "kanpaina honetan nafarrek emandako erantzunarekin harrituta" agertu dira; Arafatek "milioika esker" helarazi ditu "Palestinako herriaren izenean". Meñinak bestalde, kanpaina abiatu duten erakundeen arteko "elkarlana" nabarmendu du.

Jasotako zenbatekoa nola banatuko duten ere aurreikusi dute. Hasiera batean, 35.000 euro bideratuko dira Nekazaritzako Lan Batzordeen Sindikatura, eta beste 35.000 euro Palestinako Emakumeen Komiteen Batasunera. Ondoren, behin diru hori bideratuta dagoela egiaztatu ondoren, 30.000 euroko bigarren ekarpen bat egitea proposatu da.

Gainera, beste 20.000 euro Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Justiziaren aurrera eramateko Nazioarteko Zigor Gortean lanean ari den talde juridikoarentzat izango dira, Gazan "aplikatzen ari den genozidioagatik". Emandako diruarekin "ahalik eta gardentasun handiena" egon dadin, hiru erakundeek jarraipen-batzorde bat sortu dute.

Hala ere, Palestinaren aldeko erakundeek argi adierazi dute "ekintzak ez direla hemen amaitzen". Hala, igande honetan, 12:00etan, manifestazioa deitu du Yala Nafarroak, Golem zinemetatik abiatuta, Iruñean, Gazako genozidioaren amaiera eskatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!