Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egin du salaketa. Iazko azaroan Iruñeko Jarauta kalean eraikin bat okupatu zuen sindikatuak eta egoera zaurgarrian diren hainbat pertsona sartu ziren hara bizitzera. Poliziak okupatutako eraikina hustu zuen eta etxegabetutako kideei “elkartasuna adierazteagatik” epaituko dituzte orain bost kide.
Sindikatu Sozialistak salatu duenez, “arbitrarioki” hautatu dituzte gaur epaituak izango diren pertsonak. Gainera, hainbat familia eta pertsona “inpunitate osoz” kale gorrian utzi zituztela adierazi dute. Izan ere, Etxebizitza sindikatuaren arabera, Iruñeko Udalak “behin-behineko etxebizitza alternatiba bat” eskaini zion han bizi zen familia bati, eta gainerako bizilagunei, berriz, “kautelazko etxegabetzea” aplikatu zieten, eta “kale gorrian” utzi.
Kideek gaineratu dutenez, UPNren esku zegoen orduan Iruñeko Udala, eta “udal gobernu horren erabaki politikoen ondorioak dira azaroko etxegabetzea eta gaur hastekoa den epaiketa”. Hala ere, karguak ez dituztela atzera bota salatu dute eta “UPNk martxan jarritako astakeria” babesten dutela gaitzetsi dute. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak elkarretaratzea eginen du gaur, eguerdiko 13:00, epaitegien parean, “kriminalizazio kanpaina hau salatzeko eta auzipetuei babesa adierazteko”.