18 langile ditu Iruñeko San Nicolas karrikako Casa Otano taberna-jatetxeak. Zur eta lur daude guztiak pasa den astean negozioa maiatzean itxiko zela ezagutu zutenetik. “Iruñean errotutako taberna bat da Casa Otano” azaldu du ELA sindikatuko Olaia Alonsok, “San Ferminak ate joka ditugula, ulertezina da norbaitek etekinak dituen negozio bat horrela, azkar korrika eta presaka itxi nahi izatea”. Otanoko jabeen erabakiaren atzean bestelako asmoak daudela uste du Alonsok. “Aurkeztu duten ERE horretan itxiera maiatzerako iragartzen da, uztailerako berriz ere ireki ahal izateko”, azaldu du ELAko ordezkariak, “Askoz ere errazago salduko du negozioa jabeak langilerik gabe, erosleak, jabe berriak, langile berriak, antzinakotasunik gabekoak ekartzeko aukera izanen baitu”. Horregatik, langile batzarrak greba mugagabea abiatzea erabaki du, haien lanpostuen defentsan, taberna jabez aldatzen bada ere haiek bertan jarraitu dezaten.
ELA sindikatuak gainera azalpenak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari. “Pandemia garaian, ostalaritzaren itxiera derrigortua zela eta, Casa Otanok diru laguntza handiak jaso zituen” adierazi du Olaia Alonsok, “Laguntza horiek jasotzeko bete beharretako bat zen kaleratzerik ezin zela egon eta soilik urte gutxi batzuk pasata orain 18 langileren kaleratzearen aurrean gaude. Uste dugu Nafarroako Gobernuak zeozer esan beharko lukeela guzti honetaz”.
Langileak pankartarekin atean zituela, gaur itxita geratu da Casa Otano.