Erregionalistek 2019an alkatetza bereganatu zutenetik Herri Sanferminek ez dute tokirik izan sanferminetan, ez Navarra Sumaren izenean Enrique Maiak aginte makila eduki zuelarik, ezta UPNren hautagai moduan Cristina Ibarrolak lekukoa jaso zuelarik ere.
Joseba Asironekin eta haren udal aginte taldearekin, Herri Sanferminak plataformako txosnak, barraka politikoak, Iruñeko Alde Zaharraren bihotzera itzuliko dira, O plazara; izan ere, atzo udalak aurkezturiko espazio publikoak banatzeko oinarri erregulatzaileek 2015-2019 legealdiko gardentasun eta aukera berdintasun irizpideak berreskuratzen dituzte.
Espazioak erabiltzeko eskariak Sanferminen Mahaian jaso ziren lehendabizi. Jarraian, Kultur, Jai, Hezkuntza eta Kirol alorrak eta Segurtasun, Bizikidetza, Hiri Kontserbazio eta Osasun alorrak eskaerok aztertu zituzten. Eta behin hori eginda aurkeztu zuen atzo udalak espazioen banaketa proposamena.
Espaziook erabiltzeko baimena jaso duten kolektiboen instalazioek Segurtasun, Bizikidetza, Hiri Kontserbazio eta Osasun alorrak finkaturiko irizpideak bete beharko dituzte. Besteak beste, komun mugikorrak eduki beharko dituzte, baita oholtza egoki bat ere. Ahal denetan, oinarrizko azpiegiturak izanen dituzte: ura, argindarra eta hoditeria.