Iruñeko alkate Joseba Asiron elkarrizketatuko du etzi, asteazkenarekin, Juan Kruz Lakastak, Metropoli Forala saioan. Solasaldia udaletxean eginen dute, eta irrati iruindarrak zuzenean zabalduko du bai irratiz baita bideo streaming bidez ere, euskalerriairratia.eus atarian.
Larunbatean, apirilak sei, ehun egun egin zituen Iruñeko udal aginte talde askotarikoak. Abenduaren 28an, lehendabizikoz egin zuen aurrera zentsura mozio batek Iruñeko Udalean, Cristina Ibarrola kargugabetu eta Joseba Asiron alkate izendatzeko.
EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekinek udal aginte askotarikoa osatu zuten, PSN kanpoan geratuta, berak hala erabakita.
Lehen ehun egun hauetako lorpenik handiena aurrekontuak onartzea izan da, azken bi urteotan UPNk kontuak luzatu egin baitzituen, gehiengoak osatzeko ez gauza zela eta.
Joan den astean onarturiko 2024rako aurrekontua 266,9 milioi eurokoa da, eta historiako bigarren handiena da, 2007ko Yolanda Barcinarenaren atzetik.
Halaber, etxerik gabeko pertsonen egoera hobetzea helburu nagusietako bat izan da udal aginte talde berriarentzat.
%50 plaza gehiago sortu dituzte, gaua aterpeturik igaro ahal izateko. Eta hotzaldietan estaldura ehuneko ehunekoa izan da.
Etxebizitza planari dagokionez, Donapean 5.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute, erdiak babes ofizialekoak.
Gurutze plazako aparkalekua gerarazi dute eta Sarasate birgaitzeko plana martxan jarri.
Polemikarik handiena bi gaik sortu dute:
Belosoko bidegorriak, Udala aurrera egiten ari baita, Gurelur eta Gure Zuhaitzak taldeak kontra egonagatik ere.
Eta Erorien Monumentua, elkarte memorialista ia guztiek eraisteko exijitu baitute.