'Ez naiz inoiz Dublinen egon’ komedia taularatuko dute bihar Gaiarren

Bidane Beloki Ezker 2024ko api. 4a, 14:15

Markos Goikolea eta Mireia Gabilondo antzezleen eskutik iritsiko da Iruñeko Gaiarre antzokira familia arteko harremanak jorratzen dituen obra. Ostiralean, arratsaldeko 20:00etan izanen da euskarazko emanaldia.

Komedia iritsiko da asteburuan Gaiarre antzokira; ostiralean, iluntzeko 20:00etan izango da emanaldia. ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ antzezlana ekarriko dute Iruñera Markos Goikolea eta Mireia Gabilondo antzerkigileek. Markos Goikolea antzerkigileak sortu du Ez naiz inoiz Dublinen egon obra eta Mireia Gabilondoren gidaritzapean, oholtza gainean ibiliko dira Gabilondo bera, Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte.

Ama, aita, semea, alaba eta Ingalaterratik itzuli berri den alabaren neskalaguna dira protagonistak. Hala ere, lau besterik ez ditugu oholtza gainean ikusiko, Cindy, neskalaguna, ikusezina baita. Dublinekoa da Cindy eta Gabilondok aitortu duenez, kontraesan horrek eman dio izena obrari, Ez naiz inoiz Dublinen egon esaldiarekin amaitzen baita obra.

Markos Goikolearen bizipen batek bulkatu du obraren ideia. "Momentu hartako bikotekideak utzi ninduenean lagun bileretan nire alboan aulki huts bat ipintzen hasi nintzen", azaldu du Goikoleak barre artean antzezlanaren aurkezpen prentsaurrekoan; "izan nahi nuen guztia proiektzeko balio zuen horrek", gaineratu du.

Eta ideia horrek Gabilondoren arreta berenganatu zuen eta oholtzara ekarri dute. "Batzuetan ideia zoragarria izaten da, eta gero, garapenean ez da inora iristen, baina Markosek lortu du", iritzi dio Gabilondok.

Neurri zehatzean ondutako pertsonaiak, espero gabeko istorio bat eta umorea 90 minutu irauten duen ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ lanean. Tentazioa Produccionesen ekoizpena da eta Gaiarren egongo da ikusgai asteburuan zehar. Bihar, ostiralean, iluntzeko 20:00etan izanen da euskarazko emanaldia. Sarrera gutxi geratzen badira ere, oraindik eskuratu daitezke Gaiarren, 10 euroren truke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!