Albiste txarrak gazteleraz eman ditu Jagoba Arrasatek eta normalean euskaraz eta irribarretsu abiatzen baditu prentsaurrekoak oraingoan gazteleraz eta aurpegi serioarekin aritu da mikrofonoen aurrean. “Osasunan ez jarraitzeko erabakia hartu dut” hasi da Arrasate, “Erabaki zaila izan da, baina lasai nago, bakean nago nirekin”. Berriatuakoak bere gain hartu du agurraren erabakia, zuzendaritza erabat albo batera utziz. “Ez neukan lehen neukan konbentzimendua eta ez banago konbentzituta ez nago kontent, eta zoriontsu ez banaiz zaila da daukadan onena ematea eta horrela bada ez dut jokalriek duten onena aterako”. Arrasatek onartu du Osasunak jarraitzeko aukera eman diola, “Baina ez gara pantaila horretatik pasa, ez gara proiektuaz aritu, jokalarietaz, helburuetaz…zikloa amaitutzat eman dut eta ez gara horretatik pasa”. Arrasatek “Ongi amaitu nahi nuen Osasunan, zapore onarekin, sentsazio onekin” utzi nahi izan du Osasuna, “Atea erabat ez ixteko, hori argi dugu gure familian, Iruñera itzultzeko aukera izan nahi dugula”
Jagoba Arrasateren irteera ezagututa kritika guztiak Luis Sabalzaren zuzendaritzara zuzendu dira, Berriatuakoa taldean mantentzeko ahaleginik egin ez dutela eta Arrasate desoroso sentituarazi dutela denboraldi honetan leporatuz. Sabalzak Arrasate bere agintaldiaren amaierarte Osasunan izanen zela erantzun du. Datorren urtean espero dira talde gorritxoan hauteskundeak. Atzoko agerraldian, egungo zuzendaritzako kide guztiak izan ziren prentsa aretoan, lehen lerroan besteak beste Miguel Sanzen garaiko gobernu kontseilaria izan zen Jose Andres Burguete zegoen.