Parlamentua erasotzen saiatzeagatik ikertutako 19 nekazariei eta Txibite iraintzeagatik auzipetutako hiru nekazariei elkartasuna adierazi nahi diete zenbait nekazarik gaur goizean Iruñean. 6Fko txaleko horiak taldeko kideek egin dute deialdia. WhatsApp bitartez antolatu dira eta baliteke traktoreak 09:00etatik aurrera iristen hastea.
Traktoreak hiriburuan aparkatzea aurreikusten ez den arren, trafikoan eragin dezakete. Izan ere, Iruñeko Udalak 200 euroko isunak jarri zizkien traktoreen gidariei debekatutako lekuetan aparkatzeagatik. Eta beraz, litekeena da gaurkoan hiria zeharkatzea aparkatu gabe.
Hainbat delitu egozten dizkiete Parlamentuari eraso zuten kideei, Estatuko erakundeen aurka joatea, lesioak eragitea eta agintaritzaren aurkako atentatua. Hala ere, ikertutako pertsonetatik 18 behin-behinean aske utzi dituzte, prebentzio neurririk gabe, baina karguekin. Hemeretzigarrena oraindik ez da poliziarengana joan.