Larunbatean, 23. Korrika Iruñerrian barrena dabilenean, harro, herri, zuzeneko saio berezi ikusgarria egingo du Euskalerria Irratiak. Arratsaldeko 15:00etatik 19:00etara Iruñerrian barna lagunduko du irratiak Korrika zuzen-zuzenean eta gertutik; bi unitate mugikor motoan ibiliko direnak, lau kamera, sei kazetari, hamaika elkarrizketa eta milaka euskaltzale. Saioa FM 98.3an egongo da entzungai eta streaming bidez ikusgai eta entzungai euskalerriairratia.eus webgunean.
Hainbat izango dira lekukoa hartuko duten taldeak. Tartean, Iruñeko peñak, ikastoletako kideak, politikariak, mugimendu feminista edota sindikatuetako ordezkariak ibiliko dira Iruñerrian zehar korrika eta horietako zenbaitekin mintzatzeko aukera izango dute Euskalerria Irratiko berriemaileek.
Ibirikutik sartuko da Korrika Iruñerrira eguerdiko 12:50ak aldera eta ordu bietan iritsiko da lehenengoz Iruñera. Arratsaldeko 16:00ak aldera Alde Zaharretik igaroko da lasterketa. Eta, Iruñerrian han-hemenka izan ondoren, Subitzatik jarraituko du bere bidea iluntzeko 21:00etan. Harro, herri… irrati!