Iruñeko Udal Aginte Talde berriak dozenaka musuko kutxa aurkitu ditu Arrotxapeko udal biltegi batean. Ibai Fernandez kazetariak gaur Diario de Noticias egunkarian argitaratu duen informazioaren arabera.
Babeserako materiala iraungita dago. 2022ko maiatzean, Espainiako Osasun Kudeaketaren Institutuak Udalari doan eman zion. Garaiotan, maskararen erabilpena oraindik derrigorrezkoa zen osasun zentroetan, eta pertsona zaurgarriei ere gomendatzen zitzaien. Neurriok urte betez izan ziren indarrean.
UPNk eta PPk osaturiko udal aginte taldeak, ordea, kutxak zabaldu gabe utzi zituen udal biltegian, iraungi ziren arte. Orain ezin dira erabili eta aukera bakarra materiala birziklatzen ahalegintzea da.
Gogoratzekoa da UPNk oso kritika gogorrak egin izan dizkiola Nafarroako Gobernuari, Sodena enpresa publikoak, Enpresarien Elkartearekin eta Albyn enpresarekin batera, erositako musukoen kudeaketaren kontura.
Kritikarako argudioetako bat izan da maskarak biltegi batean utzi zirela, erabiltzeke. Eta kritika horien egilea, gehienetan, Cristina Ibarrola izan da, joan den legealdiko UPNren Osasun bozeramailea parlamentuan, eta gerora, Iruñeko alkatea, sei hilabetez.