Iruñeko espetxean 353 preso zeuden 2020an. Egun, 480 dira. Hiru urtean, %36ko igoera. Kartzelako zuzendari Pedro Lacalek laguntza eskatu dio Nafarroako Parlamentuari.
“Modulu bakoitzean 100 pertsona baino gehiago dauzkagu, eta 90etik gora igotzea den orok arazoak dakartza, ea laguntzen diguzuen”. Hala mintzatu da Lacal, Parlamentuko Eskubide Sozialen Batzordeak eta Barne, Funtzio Publiko eta Justiziakoak espetxera egindako bisitan.
Lacalen arabera, bi arrazoik eragin dute preso kopuruaren handitzea. Batetik, “oso zigor luzeak ezartzen ditugu. Zenbait arazo zigorren bidez soilik konpondu nahi izaten ditugu”. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan tokirik ez duten presoak Iruñekora ekartzen ari ei dira: "ez dagokigun lana hartzen ari gara".
Lacalek laguntza eskatu du Insertzio Sozial Zentroaren protokoloa ezarri ahal izateko. Horren bitartez, presoek hirugarren gradua jaso ahal izaten dute. Lacalen hitzetan, “modu horretan, beharrezkoak ez diren espetxeratzeak ekidin daitezke. Aintzat hartu beharra dago presoen %80k ez dutela berriro deliturik egiten”.