Aurreikuspenen arabera goizeko 09:30ak aldera aurreikusita zegoen Arga ibaiaren ur emaria handitzea, Endika Alonso Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza zinegotziaren iritziz, "une kritikoena". Duela hiru urteko uholdeetan segundoko 530 metro kubikoetara iritsi ginen eta gaur, 09:30ak aldera 370 metro kubikoetaraino iritsi daiteke. "Egoera ez da hain larria, hala ere, neurri prebentiboak hartu behar dira", gaineratu du Alonsok.
Zorionez, atzo dagoeneko prebentzio neurriak hartzen hasi ziren eta zinegotziak azaldu duen bezala, "litekeena da hemendik aurrera gauzak hobetzea, arratsaldean zehar neurri batzuk eguneratu eta errepide zenbait zabaltzea espero dugu". Hala ere, herritarrei tentuz ibiltzeko eta ibaira ez hurbiltzeko eskatu die, arriskua oraindik badago eta.
"Ebaluaketa zuzena egiten ari gara uneoro", azaldu du Alonsok. Egoera txarrera aldatzen bada, zonalde gehiago itxiko ditugu, eta beste gune batzuetarako sarbidea erraztuko dugu", gaineratu du zinegotziak. Neurrien artean, esaterako, Arrotxapeako zonalde urdina eguerdiko 14:00ak arte bertan behera utzita zegoen, baina egun osoan zehar mantenduko dute neurria.