Bertso-jaialdia eta bertsolari gazteen saioa, Bertsoaroaren aste honetako egitarauan

Miren Mindegia 2024ko ots. 22a, 17:17

Bertso-jaialdia Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da ostegunean, 19:00etan; eta gaztetxoen saioa, ostiralean, LABAn, ordu berean

Aurrera jarraitzen du Bertsoaroaren 30. edizioak Iruñean. Aste honetan, emanaldi bikoitza izanen da. Alde batetik, ostegunean, bertso-jaialdia ospatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan, ostegunean, 19:00etan. Bertan bilduko dira "sona handiko bertsolariak eta gazteak izanagatik bide emankorra izan dutenak", Saioa Oneka Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak azaldu moduan. 

Oholtzan, hala, Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Joanes Illarregi, Jone Uria, Saats Karasatorre eta Xabat Illarregi bilduko dira, Ainhoa Larretxea gai-jartzaile lanetan arituko delarik. Sarrerak 5 eurotan eskuratu daitezke NAEren webgunean edo antzokiko leihatilan bertan, saioa hasi baino ordubete lehenago. 

Ostiralean bertsolari gazteen txanda izango da. Kasu honetan LABA izanen dute eszenatoki Eki Mateorena, Kattin Madariaga, Janire Arrizabalaga, Jon Mendiluze, June Aiestaran eta Sabin Abarrategik. Aurkezle lanetan, Larretxea bera arituko da. Sarrera librea izanen da, lekua bete arte. 

Bertsoaroa Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatzen dute, elkarlanean. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!