2021eko irailean ezarri zen Aparkaldi Mugatuko Eremuak auzoan dituen ondorioei buruzko diagnostikoa egiteko konpromisoa hartu du Iruñeko Udalak; hala iragarri du Gobernu Estrategikoko zinegotzi Joxe Abaurreak asteartean egindako Txantreako auzoko foroan. "Eskura dugun informazio guztia bildu nahi dugu eta diagnostiko zabal bat egin, Txantreako aparkalekuaren egoera zein den argi eta garbi azaltzeko", azaldu du zinegotziak.
Azterlanaren datuak aurkeztuta, irtenbideak aztertuko ditu Iruñeko Udalak eta eremu urdinaren desagertzea baloratuko du. Txantreako bizilagunen arabera, gune urdina "ez da erabilgarria, egunean zehar plaza huts asko erabiltzen ez direlako eta gauean aparkatzeko arazoak daudelako".
Jorratu diren bestelako gaien artean, Udalak Aranzadi eta Arrotxapea arteko bizikleta eta oinezkoen pasabidearen proiektua gauzatuko du. "Ez da esku-hartze hutsa auzoarentzat, ekialde-mendebalde lotura bat sortuko baita hirian eta Iruñerrian", adierazi du Abaurreak. Udalak, halaber, "behin betiko urbanizatuko" du Maria Auxiliadora korridore jasangarria, eta kendu egingo ditu bizilagunei hainbesteko nahasmena eragiten dieten lurrean margotutako lerroak.