Iruñeko Udalak erosiko duen kilometroak 6.000 euroko prezioa du, eta ekimenak udal-taldeen gehiengoaren babesa du. Esan gabe doa UPN alkatetzan zegoelarik udalak ez zuela euskararen aldeko ekimen honetan parte hartzen.
Euskararen aldeko lasterketa ezagunaren 23. edizioa eginen dute aurten. Martxoaren 14an, ostegunarekin hasiko da Irunen eta 24an, igandearekin amaituko da Baionan, hamaika egun horietan 2.500 kilometro egin ondoren.
Aurreikusitakoaren arabera, Korrika asteburuan igaroko da Iruñetik , martxoaren 16an (larunbata) zehazki, eta udalaren kilometroa egun horretan korrituko da, 16:12ean, Udaletxe plazan; udal-talde guztiak berariaz gonbidatuta daude bertan parte-hartzera. Berritasun gisa, aurten ibilbidea aplikazio eguneratu baten bidez jarrai daiteke, Korrika aplikazioa da eta IOS eta Android sistema eragileetarako eskuragarri dago.
Udalak bi arrazoirengatik bultzatzen du lasterketa jendetsu hori: “Euskara sustatzeagatik eta entitate babesle gisa agertzeak hiriari ekarriko dion publizitate-inpaktuagatik”.
Lasterketa bi urtean behin antolatzen du AEK helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko koordinakundeak. Koordinakundea euskararen irakaskuntzan aritzen da, material didaktikoa sortzeko ikerketa eta argitalpenean, irakasleen berariazko prestakuntzan, euskarazko kultur jarduerak antolatzen ditu eta enpresa eta erakundeentzako normalizazio planak prestatzen ditu, besteak beste.
Korrikan parte hartzen dutenek, kilometroz kilometro, lekuko bat pasatzen diote elkarri, eta, horrekin batera, barruan ezkutatutako mezu bat, euskararen arloan garrantzitsua den norbaitek idatzi eta lasterketa amaitu arte agerian jartzen ez dena. Aurtengo edizioan Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko aukera aldarrikatzen duten ikasleei aintzatespena eginez.
Korrika 1980az geroztik antolatzen da euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Guztira 22 edizio egin dira eta milaka lagunek parte hartu dute, hala lasterka egiten nola antolaketa-lanetan. Bildutako dirua euskaltegietara bideratzen da.