Iruñeko Udal Gobernu Talde berriak berreskuratu du Karlos III. etorbidearen amaieran dagoen eraikinaren gaineko eztabaida. Aurreko legegintzaldian UPNk kaxoi batean gordeta utzi zituen eztabaidaren konponbiderako proposatutako irtenbideak. Eskuinak ez du Erorien monumentua ukitu nahi. Joseba Asironen aginte taldeak, aldiz, behin betiko konpondu nahi du afera.
Testuinguru honetan, memoria historikoaren alde lan egin duten eragileek eta frankismoak fusilatutako nafarren senitartekoen taldeek bat egin dute, eraikina eraistearen alde egiteko. “Eraikin hau ez dago aldatzerik, ezin zaio nortasun berria eman”, azaldu dute, “Urte asko daramatzagu eraikin honen gaineko erabakia atzeratzen dela ikusten eta monumentua Nafarroako Memoriaren legearen kontrakoa da”. Borondate politikoa egonda, eraikina eraistea posible dela aldarrikatu dute.