Nafarroako Bigarren Hezkuntzako oposizio probak ekainean izango direla iragarri du Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak. Hasiera batean, larunbatean egindako irakasleen batzordean epaimahaiak helarazitako egutegi-proposamenean maiatzaren 11n eta 12an finkatu zituzten azterketak. Hartara, STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek Hezkuntza Departamentuari eskatu zioten Bigarren Hezkuntzako LEP azterketak atzeratzea eta ekainean egiteko, maiatzean egin beharrean.
Amparo Lopez Foru Gobernuko bozeramaileak "lasaitasuna" eskatu du azterketa ekainean izango dela baieztatu ostean. "Ez dugu inolako ziurgabetasunik edo segurtasunik eza egotea nahi", gaineratu du eta ekainean izango direla berretsi du.
Oraindik ez dute zehaztu non gauzatuko diren azterketak “hainbeste pertsona biltzeko ezaugarri nahikoak eta egokiak dituen tokia izan behar duelako”, azaldu du Lopezek. Izan ere, 401 lanpostu eskainiko dira eta 12.000 pertsonak eman dute izena.