Martin Villaren aurkako protesta eginen dute, Iruñera datorrela eta

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko ots. 6a, 07:26

Sanferminak 78 Gogoan plataformaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean.

Francoren ministro ohiak Jaime Ignacio Del Burgoren liburu baten aurkezpenean parte hartuko du, ostegunean. 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak protesta egitera deitu du, eta Peñen Federazioak deialdiarekin bat egin du.

Francisco Franco Bahamonde diktadorearen Barne ministro ohi Rodolfo Martin Villa Iruñera dator, Jaime Ignacio Del Burgoren El Amejoramiento del Fuero: la casa del pueblo navarro (Foru Hobekuntza: herri nafarraren etxea) liburuaren aurkezpenean parte hartzeko. Ostegunean izanen, 19:30ean, euskaldunon hiri buruzagiko Tres Reyes hotelean.

Gauzak horrela, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak protesta eginen du hotelaren aitzinean, 19:15ean hasita. “Errefusatu nahi dugu Iruñeko eta Nafarroako populazioak 1978ko sanferminetan pairatu zuen erasoaren erantzule nagusia Iruñera etortzea”, jakinarazi dute ohar baten bitartez. Halaber, gogora ekarri dute istiluotan German Rodriguez gaztea hil zutela, beste hamaika lagun balaz zauritu zituztela, 300 pertsona artatu behar izan zituztela ospitaleetan, hiria txikitu zutela eta festak leherrarazi.

Elkarretaratze deialdiarekin bat egin dute, Iruñeko Peñen Federazioak ez ezik, Gasteizko Martxoak 3 Plataformak eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!