Gaur hasiko da mendiko zinemaren astea Golem Baionan

Bidane Beloki Ezker 2024ko ots. 5a, 11:12

Otsailaren 5etik 8ra Mendi Tour zikloaren 9. edizioa egingo dute. Asteazkenean, 7an, Luis Arrieta zuzendaria eta Xabier Zarranz eta Mikel Zabalza mendizaleek '212 Mountains' aurkeztuko dute.

Mendi Tour mendiko zinemagintzari buruzko zikloa antolatu dute aurten ere Iruñeko Golem zinemetan. Otsailaren 5etik 8ra lau film nagusiren emanaldia egingo dute eta bakoitza ikusteko bi ordutegi egongo dira, 17:30ean eta 20:00etan. Euskarazko bi film laburren proiekzioa egongo da zikloan zehar eta bestelako film guztiek euskarazko zein gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte.

Alpinismoa, eskalada, mendi lasterketak, xenda-zaletasuna, ur lasterretako kayaka, muturreko eskia, high-lineak, itsas nabigazioa eta esplorazio gaiak jorratzen dituzten filmak proiektatuko dira. Aurkeztuko diren ikusentzunezko guztiak, 2023ko abenduko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian sarituak eta hautatuak izan ziren lanak dira eta horietako zenbait ekarri dituzte Iruñeko zinema aretora.

Mendiko film nabarmenenak

Carne et Ossa filmak gidoi onenaren eta kultura eta naturako film onenaren sariak jaso zituen BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian. Roberto Zazzara italiarra da filmaren zuzendaria. Bere lana ikusteko aukera otsailaren 5ean izango da. Aurretik, sail ofizialeko bi film labur pantailaratuko dituzte, horietako bat, Rope. Alpinismoko film onenaren saria jaso zuen Kazuya Hiraide protagonista duen filmak.

Otsailaren 6an, asteartean, Oinez euskarazko film laburrarekin zabalduko dute. Ondoren, Elevated, The Silent Escape eta La Ligne de l'Agne ikusentzunezko laburren proiekzioa egingo dute.

Asteazkenean, 7an, Luis Arrieta zuzendaria eta Xabier Zarranz eta Mikel Zabalza mendizale nafarrak izango dira jaialdian. 212 Mountains Arrietaren (Mendiak 1976) azken lana ikusteko aukera egongo da asteazkenean. Protagonista, Xabier Zarranz mendi lasterkaria da; Irunberri bizi da eta jaiotzez Barañaingoa da. Aurkezpenean Mikel Zabalza alpinista eta eskalatzailea batuko zaie. 

Azkenik, Mendi Tourrari itxiera emateko The Great White Whale Michael Dillon zinemagile australiarraren filma ikusgai egongo da ostegunean. Sari Nagusia eta zuzendaritza onenaren saria jaso zituen filmak Bilbon. Australiako mendirik garaiena eta bakartiena, 'Big Ben' mendia, eskalatzeko ametsa duten mendizale eta marinelen istorio epiko eta inspiratzailea kontatzen du lanak. Otsailaren 8an izango da emanaldia, eta aurretik, Zerbait aldatu da bideo laburraren proiekzioa.

Sarrerak leihatilan eta Golem zinemen webgunean eskuratu daitezke sei euroan, edo lau egunetako bonua hartuz gero, 20 euroan. Egunero bi saio egingo dira eta bietan eguneko film guztiak izango dira ikusgai; arratsaldeko 17:30ean eta 20:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!