Iruñeko hainbat auzotan asteburuetan futbola, eskubaloia edo saskibaloia bezalako talde kirolak egitea ezinezkoa da, kantxa falta dela kausa.
Arazo horri aurre egiteko, sarri ikastetxe publikoetako patioak zabal ditzakete asteburuetan, udal talde guztiak neurri horren alde azaldu baitira Hirigintza Batzordean.
Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Maider Belokik hitz eman du neurriaren bideragarritasun ekonomikoa aztertuko duela, eta pertsonal eta garbiketa gastuen inguruko datuak prest dituelarik gaia berriro batzordera eramanen duela.
Asteburuetan patioak irekitzearen proposamena PPko zinegotzi Carmen Albak egin du. Gogora ekarri du duela urte batzuk zenbait ikastetxe zabaldu zituztela asteburuetan eta neurria bertan behera utzi behar izan zutela patioak asko zikintzen zituztelako.
Orduan ez bezala, honako honetan patioen irekieraz arduratuko diren udal langileak jartzea eta garbiketa zerbitzua aurreikustea proposatu du Albak, eta, hasiera batean, neurria bost ikastetxetan soilik jartzea indarrean, proba moduan.