Espainiako Polizia omenduko du Elizak sanferminetako eskaileran

Haritz Pascual Garjon 2024ko urt. 30a, 14:19

78ko Sanferminak Gogoan elkarteak salatu du 1978ko Sanferminetan Iruñea eta iruindarrei eraso egin zien poliziari gorazarre egiten zaiola omenaldi honekin.

“Geroz eta gutxiago falta da Sanferminetarako” entzunen da ozen ostiral honetan Iruñean, otsailaren 2ko eskailera ospakizunetan. Azken urteotan, Peña eta lagun kuadrillen ospakizunez harago, Iruñeko elizak protagonismoa bereganatu nahi izan du eskaileraren meza antolatuz. Ohitura berri honetan, hilabetero hilabetero kolektibo bat omentzen du elizak. San Lorenzo elizako mezan izan dira entzierroko artzaiak, erraldoien konpartsako kideak edo ta zezenketetako toreroak besteak beste. Otsailaren 2ko eskailera honetarako, Espainiako polizia omenduko du elizak, bere 200.urtemugan.

Erabakiak hautsak harrotu ditu Iruñean. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak erabakia salatu du “Espainiako Poliziaren gorespena eta honek egindakoen zuritzea” suposatzen duelako. “Espainiako Polizia da Iruñeko populazioari sanferminetan bortizkien eraso diona” adierazi dute komunikatu batean. Ekimenetik azaldu dutenez, 1978 Sanferminetan, Iruñeko zezen plazan eta hiriko karriketan karga polizial basati eta gupidagabeak izan ziren. “Espainiako poliziak Iruñeko gazte bat hil zuen, German Rodriguez; hamaika lagun balaz zauritu zituzten, ospitaletan 300 iruindar artatu behar izan zituzten kolpeengatik, zauri larriekin edota keak eta gasak intoxikaturik… Txosten ofizialean, Poliziak berak aitortu zuen 4.153 goma pilota, 657 ke pote, 1.138 pote negar eragile eta benetako 134 bala jaurti zituela”.

Plataformak galdera zuzena egiten dio San Lorenzo elizako arduradunei: “Zer asmo dago omenaldi honekin?”. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak, dei egin die herritarrei, omenaldi honen aurrean beren errefusa adieraztera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!