Black Marfil rap abeslariari 25 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 30a, 14:13

Nafarroako Auzitegiak berretsi egin du abeslariaren aurkako epaia "gorrotoa eta indarkeria" sustatzegatik. Abestien letretan "munipa baten semea hiltzeko" mehatxu zuzena dagoela ondorioztatu dute magistratuek.

25 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote Black Marfil ezizenean abesten duen rap abeslariari. Udaltzaingoari mehatxuak egiteagatik eta gorrotoa sustatzeagatik ezarri dio zigorra Nafarroako Auzitegiak.

Auzipetuak, Black Marfil izenpean, 2017ko martxoan zabaldu zituen YouTube eta Instagram kontuak abestiak igotzeko eta 2018ko uztailean Iruñeko Udaltzaingoak talde kriminaleko kide izatea egotzita ikerketa abiarazi zuen. Horri erantzunez, poliziaren ustez “gorrotoa eta indarkeria” sustatzen zituen bideo batekin erantzun zuen abeslariak; abestiarekin batera argitaratu zuen bideoan “munipa baten semea hil” esaldiarekin batera odol orbanak ageri zirela salatu zuen poliziak. “Fuck a Cripa” eta “Atraco” abestien letrengatik jaso du salaketa; magistratuek azaldu dutenez, abestiaren testutik bertatik mehatxua ondorioztatzen da.

Gaineratu dutenez, "argi dago frogatutako egitateetan abestiek delitua den gaitz baten iragarpena dakartela, eta arrisku-delituaren izaera dela eta, ez da beharrezkoa emaitzarik gertatzea epaitzeko”. Izan ere, sare sozialetan duen hedadura dela eta, baita auzipetuak aurretik “mehatxuak, lesioak eta lapurreta-delituak egiteagatik” kondenatu izanagatik ere, errekurtsoa deuseztatu, eta Black Marfil rap abeslariari 25 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!