Pablo Berger Bilbotarrak zuzendutako animaziozko filma Lokiz Films ekoiztetxe nafarrak eta Arcadia Motion Picturesek ekoitzi dute, eta orain, Oscar sarietan beste hiru filmekin batera onenaren saria eskuratzeko lehian dago Robot Dreams. New Yorken, 1980ko hamarkadan, robot bat eta laguna egiten den txakurra dira protagonistak; “adiskidetasunezko eta maitasunezko” istorioa kontatzen du Robot Dreams lanak. Bergerrek aitortu du, "istorio unibertsala da eta emozioa teknikaren gainetik gailentzen da".
Filma Nafarroa, Madril eta Bartzelona artean ekoitzi da, eta Iruñeko estudioan egin dira animazio, kolore eta konposizio prozesu gehienak. Nafarroako 50 pertsona baino gehiagok parte hartu dute proiektuan.
1998an Montxo Armendarizen Secretos del corazón filmarekin sartu zen azkenekoz ekoizpen Nafar bat Oscar sarien lehian, eta oraingoan, berriz ere, garaikurra lortu dezake Robot Dreams animaziozko filmak. Honako beste hiru filmekin batera jaso du izendapena animaziozko film onenaren kategorian: Hayao Miyazaki zuzenariaren The Boy and the Heron, Peter Sohnen Elemental, Nick Bruno eta Troy Quaneren Nimona, eta, Joaquim Dos Santos, Kemp Powers eta Justin K.-ren Spider-Man: Across the Spider-Verse.