Gora Euskal Herrientsak Asisko Urmenetak (Iruñea, 1965) kaleratu duen saiakera grafikoa da eta hura aurkeztuko du gaur, arratsaldeko 20:00etan, Zaldiko Maldiko elkartean.
Kulturaren transmisioan aitzindari izan zen emakume kolektiboaren omenezko liburua ondu du Urmenetak. 2023an urteurren bikoitza betetzearen karietara egin zuen saiakera: 125 urte joan dira Kapitolina Buztintze Larrondo uxuetarraren “Konpendiotik", baita Jule Fernandez Zabaleta iruindar maistraren jaiotzatik ere.
Liburuaren aurkezpenean azaltzen duenez, bistan da kulturaren transmisioan emakume aitzindarien zerrenda zabalagoa dela, eta komiki-album hau omenaldia ere bada kolektibo haiei; Emakume Abertzale Batza, Begiraleak eta Euskal Eskolak gauzatu zituzten maistra kontzienteei, errientsa herrizale haiei. Hala nola Kapitolina Buztintze Larrondo (Uxue, 1867), Malena Jauregiberri Erbin (Aloze, 1884), Jule Fernandez Zabaleta (Iruñea, 1898), Katalina Alastuei Garaikoetxea (Iruñea, 1899), edota Elbira Zipitria Irastortza (Donostia, 1906).