2022ko urtarrilean, Enrique Maia erregionalista alkate zelarik, Iruñeko Udalak Espainiako Konstituzioren izena jarri zion Baluarte Jauregiaren aurreko plazari, eta errotulazioa egiteko tenorean, gaztelaniazko Constitucion hitza jarri zuen soilik, izen propioa zela argudiatuz.
Joseba Asironek, EH Bilduko zinegotzi moduan, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aitzinean. NAAk arrazoia eman zion, eta Udalak ebazpen hori errekurritu egin zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean. Epaileek berriro arrazoia eman zioten Asironi, eta Udalak berriro helegitea aurkeztu zuen, honako honetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Azken auzitegi honek Asironen helegitea onetsi du.
NJANko epaileek ebazpenean argudiatu dutenez, Iruñeko Udalaren Euskararen Ordenantzaren 8 artikuluak ezartzen duen arauaren arabera, eraikinak, kaleak eta espazio publikoak gaztelaniaz eta euskaraz errotulatu behar dira. Izen bereziak salbuespena dira, baina salbuespen horren “irakurketa murriztailea egin beharra dago, arauaren salbuespen ororekin egin behar den bezala”.
Epaileen arabera, “egia da izen propioek ez dutela itzulpenik onartzen, eta erregistraturiko izendapenaren arabera errotulatu behar direla, hori euskarazkoa zein gaztelaniazkoa izanda, baina konstituzioa terminoa izen arrunta da, lege organiko, foru lege, dekretu legegile edo lege dekretu bezala”.