Gazara dirua bidaltzeko zozketa solidarioa antolatu dute artista nafarren lanekin

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 4a, 12:53

35 artisten obrekin 10 sorta osatu dira, eta gaur, arratsaldeko 19:30ean, Geltokin, zozkatuko dira.

Nafarroako 35 artistak baino gehiagok haien lanen dohaintzak egin dituzte zozketa solidarioa antolatzeko Gazara bidaltzeko dirua biltzeko xedez. Lanen artean lan grafiko, pintura, binilo, argitalpen, zeramika eta eskualdeko artisten bitxiekin osatutako hamar sorta zozkatuko dira. Zozketa 19:30ean abiatuko da, eta ordura arte, tiketak eskuratu daitezke Geltokin bertan.

Bildutako funtsen % 100 80ko hamarkadaren hasieratik Palestinako lurraldeetan diharduen Medical Aid for Palestinians Gobernuz Kanpoko Erakunde britainiarrari emango zaio. Proiektuarekin bat egin duten artisten artean, besteak beste aurkituko ditugu, Chill Mafia, LKN, Melenas, Columpio Asesino, Kokoshhca, Marisa Mantxola, Ángela Santafé, Leire Urbeltz, Andrea Ganuza, La Zurda, Gorka Beunza, Ama Joyería edo Apotheke.

Produktu sorten zozketaz gain, proiektua abiatu zenetik bildutako zenbatekoaren berri emango dute. Eta Ola Arafat, Yala Nafarroa Iruñeko bozeramaileak, baita, Fady Radwan, 2022tik Iruñean bizi den kazetari palestinarrak ere, Palestinako egoeraren azken ordukoaren berri emango dute.

Zozketaren jatorria

Ekimena joan den azaroan sortu zen, Gorka Beunza argazkilari, Brecha musika-proiektuaren buru eta Ostatua Kolektiboko kidearen, Ece Ozturk sortzaile hezitzailearen, eta Angela Santafé kazetari eta diseinatzaile grafikoaren eskutik. "Sare sozialetan argitaratutako Gazako genozidioaren irudiekin izututa”, Palestinako herriari laguntzeko ekintza abiatzea erabaki zuten.

Zozketaren helburua ez da soilik Medical Aid for Palestinians (MAP) GKEaren bidez Gazako oinarrizko beharrizanei laguntzeko dirua biltzea, baizik eta "Palestinan gertatzen ari den giza hondamendiari buruzko kontzientzia handiagoa sortzea, herritarrei gehiago eta hobeto informatzeko tresnak ematea, eta esku hartzeko aukerak eskaintzea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!