Dena prest Errege Magoei ongietorria egiteko

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 4a, 12:29

  • Gominolak goxokien ordez, karroza berri bat eta dantza ikuskizun gehiago aurtengo kabalkadan.
  • 19:00etan abiatuko da desfilea Abejeras kaletik.

Bihar, urtarrilak 5, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoei harrera egiteko dena prest dagoela iragarri du Iruñeko Errege Magoen Kabalkada elkarteak. Ohi bezala, 16:00etan zeharkatuko dute Madalenako zubia, eta Frantziako Atea gurutzatu ondoren Miserikordia etxean hitzordua dute; 19:00etan abiatuko da desfile nagusia Abejeras kaletik.

Berrikuntzaz beteriko kabalkada izango da biharkoa. Izan ere, iaz, dortoka, zisnea eta tigrea alde batera utzi zuten erregeek eta hartz zuriak, lehoiak eta jaguarrak hartu zuten lekukotza. Baina elkarteak iragarri duenez, ez zen nahiko eta beste elementu bat gehitu dute. Leticia Bergara Kabalkada elkarteko idazkariak azaldu duenez, karroza berri bat gehitu dute: izarraren karroza. "Izarra oso garrantzitsua da Errege Magoek izarra jarraitu baitzuten Belenera iristeko. Espero dugu denentzako polita eta gustukoa izatea".

Halere, bestelako ohiturei helduko die kabalkadak. Izan ere, 16:30ean gutxitan jotzen duen katedraleko Maria kanpaia entzungo dugu. Hala ere, aurten, gozokien ordez gominolak banatuko dituzte ibilbidean zehar, eta, Italiatik etorritako banderadunen ikuskizunaz gain, dantza izango da protagonista: dantza talde batek lagunduko du errege bakoitza.

Partaidetza errekorra ere haustear. Iaz, pandemiako urte malkartsuak gaindituta eta parte hartzeko eskaeren gorakada dela eta, laguntzaileen kopurua handitu zuten. Aurten, 1000 pertsona inguruk parte hartuko dute eta berriz ere, eskaerek gora egin dutela aitortu dute.

Hartara, herritarren kolaborazioa ezinbestekoa da Errege Magoen harrera ongi atera dadin. Baina, gainera, kultur intereseko ondasun ez-materiala izendatzeko prozesua abian jarri dute Nafarroako Gobernuaren Sustraiak proiektuari esker. "Horretarako, lan zail honetan lagunduko digun edozein ikus-entzunezko edo argazki material helarazteko eskatzen diegu herritar guztiei", azpimarratu du Mamen Sádaba elkarteko zuzendariak.

Ibilbidea

  • Abejeras kalea
  • Foruen plaza  
  • Zaragoza etorbidea
  • Vianako Printzearen plaza
  • Antso Nagusia kalea
  • Vínculo plaza
  • Sarasate pasealekua
  • Gazteluko Plaza
  • Karlos III.a etorbidea
  • Nafarroako Gorteen kalea
  • Amaia kalea
  • Emilio Arrieta kalea
  • Erriberri kalea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!