UPNk zentsura mozioaren aurkako 660 sinadura besterik ez du lortu

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 4a, 07:16

Cristina Ibarrola, artxiboko irudi batean.

Alderdi erregionalistak Traicion a Pamplona (Traizioa Iruñeari) izeneko web orria sortu du, gaur Diario de Noticias egunkariak zabaldu duen bezala.. Horretan, change.com plataforman abenduaren 19tik Iruñeko zentsura mozioaren aurka egiten ari diren sinadura bilketako lotura txertatu du. Hamasei egunean 660 sustengu besterik ez dute lortu.

Alderdi erregionalistak upn.org bere webgunearen barruan sortu du latraicionapamplona.com web orria. Horretan hainbat eduki eskegi ditu. Lehenik eta behin, Cristina Ibarrolaren kudeaketa goresten du, zentsura mozioaren argudio nagusia, Iruñeko Udala erregionalistekin geldirik zegoela, ukatu nahian. Horren ondotik, change.org plataformako zentsura mozioaren aurkako sinadura bilketaren informazioa eta lotura eskaintzen ditu.

Sostengu bilketa hori Javier Perez izeneko erabiltzaile batek jarri zuen abian, abenduaren 19an. “Denunciar al PSOE por la traición a Pamplona” (PSOE salatu, Iruñeari traizioa egiteagatik) du izenburu. Hamar lerroko testu laburrean Perezek azaltzen duenez, “PSOEk Iruñeko herritarrak traizionatu ditu EH Bildurekin, oraindik ETA gaitzesten ez duen alderdi horrekin, zentsura mozioa adostuz”. Haren aburuz, “ekintza horrek bidegabeki baztertu du alderdirik bozkatuena den UPN”, eta hala “aurrekari kezkagarria ezarri du gure politika nazionalean”. Esan gabe doa Espainiako politikaz ari dela. Lerrook idazteko tenorean, bilduriko sinadurak 660 ziren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!