Asiron, "aldaketak eragindako frustrazioa" gainditu eta lehentasunei ekiteko "itxaropentsu"

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 3a, 13:59

Lanean hasteko, "zauriak konpontzeko" eta "lasaitasunera eta elkarlanera itzultzeko" dei egin du alkate izendatu berriak. Kale gorrian bizi diren pertsonen auzia erronka nagusien artean finkatu du Asironek.

Zentsura moziotik aste bete pasa denean eta Joseba Asiron alkateak mandatuko lehenengo ekitaldi publikoa egin du gaur. Bestelako trantsizio bat nahiago bazuen ere, Asironek gogorarazi du Cristina Ibarrolarekin biltzeko asmoa erakutsi duela, baina ez dituela deiak erantzuten, ez du erantzunik jaso. Egoera baretu bitartean, alkateak "zauriak konpontzeko" eta "lasaitasunera eta elkarlanera itzultzeko" deia egin du. Urte berriari begira, "denbora luzeegian geldirik egon diren proiektu horiek guztiak aurrera ateratzea eta mugitzen hastea" da une honetako funtsezko erronka.

Urtero Urrezko Baba Saria emate ekitaldian kazetarien galderei erantzun die alkateak eta oraindik izendapenak egiten dauden arren, alkate izendatu berriak udaletxea aurkitu duen egoeraz eta azken hilabeteotan kezka iturri izan den etxegabeen kontuaz mintzatu da. Lehen egunetako auzi nagusien kronograma diseinatu du dagoeneko EH Bilduk eta lehentasunak finkatu. Horietako bat, etxebizitza ez ezik, kale gorrian dauden pertsonen auzia mahai gainean jartzea izan da. Gai "delikatua" eta "diskrezioz" jorratu beharrekoa dela adierazi du Asironek. Aurrerapauso esanguratsuak egiten ari diren arren, "pertsona bakar bat kalean lo egiten dagoen bitartean ez dago deus ospatzerik", gaineratu du.

Hala ere, aurrekontuak ezinbestekotzat jo ditu Joseba Asiron alkateak, nahiz eta, onartu duen, bere mandatu berriaren lehen aste honetan, oraindik ere zailtasunen artean hasi dutela lana udaletxearen barruan. 

"Zoritxarrez, trantsizioa ez da batere lasaia edo lagungarri izaten ari", aitortu du alkateak. EH Bilduk lanari ekiteko oztopoak topatu dituela azaldu du: "Ordenagailuak formateatuta aurkitu ditugu eta batzuetan ere udalaren sarean dauden karpetak ezabatuta". Hala ere, "itxaropentsu" agertu da Asiron "aldaketak eragindako frustrazioa" gaindituko delakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!