Iruñeko zinegotzien kontrako presio eta erasoak salatu ditu PSNk

Haritz Pascual Garjon 2023ko abe. 26a, 13:00

Zentsura mozioaren aurreko egun hauetan, PSNko zinegotzien kontrako kanpaina salatu dute sozialistek eskuinaren aldetik. Honen ondorioz, Tomás Rodriguezek uko egin dio zinegotzi kargua hartzeari eta Miguel Matellanesek ordezkatuko du.

Nafarroako Alderdi Sozialistak, ohar batean jakinarazi duenez, Elma Saiz udalbatzan ordezkatzeko prest zegoen Tomas Rodriguezek ez du zinegotzi kargua hartuko, "UPNren eta Cristina Ibarrola alkatearen seinalamendu eta erasoen" ondoren.

Ramon Alzorriz PSN-PSOEko Antolakuntza idazkariak "UPNk beste garai batzuetan egindako presio etengabeak eta demokratikoki erabat zalantzagarriak" salatu ditu.

Sozialistak azpimarratu du Ibarrola alkateak berak prentsaurrekoa eman zuela Rodriguezi buruz zuzenean hitz egiteko eta "Alderdi Sozialistaren aurkako deskalifikazioak" egiteko. Halaber, "PSN-PSOE zinegotziei argazkien bidez sare sozialetatik eta antzeko baliabideetatik egindako eraso etengabeak" azpimarratu ditu.

"Seinalamenduak, orain eskuindarrek sustatuko dituztenak, diskurtso moral eta patriotikoz jantzita, oso diskurtso arriskutsuak dira, inoiz itzuli behar ez luketen beste garai batzuetakoak", azaldu du Alzorizek. "UPNk bide suntsitzailea utzi behar du, jokoaren arauak onartu behar ditu eta ez du desberdin pentsatzen duena markatu behar".
 
22 urteko Miguel Matellanes, unibertsitate ikasleak hartuko du azkenik Elma Saizen tokia.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!