Ikea eta Carrefourren greba deitu du ELAk abenduaren 24rako

Euskalerria Irratia 2023ko abe. 21a, 10:44

Kontziliaziorako eta atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko xedez eginen dute greba. ELAk egun berean, besteak beste, ehungintza eta zapata merkataritzan ere deitu du greba. 

Ikea eta Carrefour saltokietako plantillak abenduaren 24an greba egitera dei egin ditu ELAk, kontziliaziorako eta atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko.

Sindikatuak aitortu duenez, "igandeetan eta jaiegunetan irekitzeak azalera handiei baino ez die mesede egiten, merkataritzan lan egiten dutenen lan baldintzen eta kontziliazioaren kaltetan". Merkataritzan lan egiten duten gehienek urtean 270 egun efektibo baino gehiagotan egiten dute lan, astean atseden egun bakar bat izanik. Eta ondorioz, "igande eta jaiegunetan irekitzeak plantillen gaineko karga handitzea baino ez dakar".

"Enpresa handiek, jaiegunetan irekitzeko Nafarroako Gobernuak CENi ematen dion legezko estaldura aprobetxatuz, jaiegunetan irekitzea erabakitzen dutela" salatu du ELA sindikatuak. Egoera honen aurrean, greba deitu dute abenduaren 24an Iruñeko Ikearen eta Carrefourren dendetan; jaieguna izateaz gain, aurten igandea ere baita.

Kontziliaziorako eta atsedenerako eskubideak aldarrikatzeko asmoz, informazio-piketeak eta kontzentrazioak egingo dituzte langileek goizean goizetik. IKEAn, goizeko 10:00etan, Galaria merkataritza guneko saltokiaren atarian eginen dute. Ordubete barru, goizeko 11:00etan Barañain etorbideko Carrefourren elkartuko dira langileak.

Ehungintza eta zapataritza merkatua

Bi saltoki horietan ez ezik, esparru gehiagotara zabaldu du deialdia ELAk. LAB sindikatuarekin batera, Nafarroako ehungintza eta zapata merkataritza hitzarmena negoziatzeko eskatzen ari zaio Nafarroako Enpresarien Elkarteari. 2009tik hitzarmenik gabe daude eta Espainiakoa ezarri nahi zaie. Horrek lan baldintzak "prekarizatu" eginen dizkiela uste dute bi sindikatuek. Hori hala, abenduaren 23an lanuzte partzialak eta mobilizazioak eginen dituzte eta 24an grebarako deia egin dute. Bi sindikatuek dute ordezkaritzaren erdia baino gehiago sektore horretan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!