EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekinek ohar baten bitartez salatu dutenez, “udal aginte taldeak joan den astean osoko bilkura aldebakartasunez bertan behera utzi izanak milioi laurden bat euro baino gehiagoko galera eragin diezaioke altxortegi publikoari”.
Osoko bilkura horretan 2024rako zerga ordenantza zen onartzekoa: “Ordenantza horrek kontribuzioa gaurkotzeko irizpideak finkatzen zituen, irizpide horiek ez dira onartuak izan, eta irizpide horiek milioi laurden bat euroko diru sarrerak ekar zitzaketen”. Oharrak zehazten duenez, horixe da parekidetasun jardueren urte oso bateko aurrekontua, edo Donibaneko Haur Eskola amaitzeko falta den dirua.
Abenduaren 28ko zentsura mozioa babesten duten lau indarron aburuz, egindakoa “arduragabekeria” da eta, hori horrela, egungo udal aginte taldeari galdegiten diote arduraz joka dezala haren agintaldia amaitu bitartean.
Ibarrola oposizioari leporatu dio ardura
Cristina Ibarrolak hain zuzen ere oposizioko taldeei egotzi zien gertaturikoaren ardura, atzo bertan egindako prentsaurrekoan kazetariek afera honetaz galdetu ziotelarik: “Abenduaren 29tik aurrera nahi duten denbora guztia izanen dute gai hau lantzeko. Nik ez daramat kontzientzian auzi hau, nik ez dudalako ezarri abenduaren 28ko muga hori”.
Astebururako akordioa loturik egotea espero dute
Bitartean, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekinek hiruko udal aginte taldea negoziatzen segitzen dute. Orain arte ez dute hiruko bilerarik egin. EH Bilduko negoziatzaileek, batetik, Geroa Bairekin bilerak egin dituzte eta, bestetik, Zurekinekin.
Bilerak emankorrak izaten ari dira. Gobernu akordioaren edukia lotzen ari dira, baina baita ardura banaketa ere. EH Bilduren proposamena da Geroa Baik eta Zurekinek ordezkari bana edukitzea udal aginte taldean.