Iruñea “terroristei eta Espainiaren etsaiei” saltzea egotzi dio Ibarrolak alderdi sozialistari

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko abe. 13a, 13:37

Cristina Ibarrola, gaurko agerraldian.

“Kalean herritarren aurrean” egindakoa azaldu beharko dutela behin eta berriz errepikatu du Iruñeko alkate erregionalistak

Cristina Ibarrola UPNko gainontzeko zinegotziekin batera azaldu da prentsaren aurrera, bere aurkako zentsura mozioaren karietara. Mezu zuzena bidali nahi izan die Maria Txibite, Santos Cerdan, Ramon Alzorriz, Elma Saiz eta Pedro Sanchezi: “Atera zaitezte Iruñeko karriketara, eta aurrez aurre mintza zaitezte herritar iruindarrekin, azal iezaiezue zeinen gutxi inporta zaizkizuen”.

Ibarrolak alderdi sozialistako buruek kalean erantzun beharko dutela behin eta berriz esan duenez, kazetari batek herritarrak kalean mobilizatzera deitzen ari ote den galdetu dio. Ibarrolaren arrapostua ez da argia izan: “Ez naiz deus zehatzik esaten ari. Norberak jakinen du alderdi sozialistari botoa ematerakoan Asiron alkate egin nahi ote zuten. Norberak jakinen du Iruñeko gehiengo sozialak, progresuzkoak eta ez independentistak hau nahi duen”.

Ibarrolaren aburuz, “alderdi sozialistak Iruñea eta iruindarrak saldu ditu, Espainiako Gobernuaren eta Nafarroaren Gobernuaren truke”. Sozialistentzako mezu zuzen bat gaineratu du: “Agintzen duzuela uste baduzue ere, egiazki independentistek eta Espainiaren etsaiek agintzen dizkizueten politikak egiten dituzue, besterik ez”.  Irainetik hurbil dauden hitzak ere izan ditu haientzat: “Miserable hutsak zarete, pena ematen didazue, egoagatik eta botereagatik balio guztiak galdu dituzue”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!