Gobernu “egonkor eta partekatu” baten bitartez Iruñearen “paralisia” gaindituko duela iragarri du Asironek

Euskalerria Irratia 2023ko abe. 13a, 12:43

EH Bilduren eledunak Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa aurkezteko akordioa aurkeztu du. Agiriak, besteak beste, Ikurren Foru Legea errespetatuko dela aurreikusten du.

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekinek gaur Iruñeko Udaletxean erregistraturiko zentsura mozioaren eskutik, Joseba Asiron Iruñeko alkate izanen da, berriro, abenduaren 28tik aurrera, egun horretan eztabaidatu eta bozkatuko baitute mozioa, eta indarrok udalbatzako 27 zinegotzietatik 16 dauzkate.

Lau indarron artean loturiko akordio politikoa aurkezteko tenorean, Asironek hitz eman du Udalaren azken urteotako “paralisia” gaindituko duela, erronkei aurre egiteko proiektuak bultzatuko dituela eta Iruñea “bizikidetza eta kontsentsu” hiria izan dadin lan eginen duela.

EH Bilduren eledunaren arabera, hori guztia lortzeko udal gobernu “egonkor eta partekatua” osatuko dute. “PSN udal gobernuaren parte izatea gustatuko litzaiguke, azken bi legealdietan oso lan emankorra egin baitugu elkarrekin”, esan du Asironek.

Lau indarrek adosturiko akordioaren arabera, “ahalik eta lasterren” onartuko dituzte 2024rako aurrekontua, baita zenbait proiektu estrategiko ere: etxebizitzaren ingurukoak, Sarasate pasealekuaren zaharberritzeari dagokiona, Erripagainaren egoeraren ingurukoa eta Sanduzelaiko biribilguneari buruzkoa, besteak beste.

Akordioak, halaber, aipatzen du Ikurren Foru Legea errespetatuko dela, baita Nafarroa Garaiaren egungo errealitate politiko administratiboa ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!