Friedrich Engels pentsalariaren Etxebizitzaren auzia aurkeztuko dute Karrikirin arratsaldeko 19:30ean. Amaia Prietok eta Hedoi Etxartek eskainiko dute aurkezpen-solasaldia.
Friedrich Engels 1820an Barmenen jaio eta 1895ean Londresen hil zen. Filosofoa, historialaria eta kazetaria izan zen baina dena sozialismo iraultzailearen kausara lerratu zuen. Karl Marxen lagun eta burkide estuena dugu Engels; harekin batera idatzi zuen Manifestu komunista, 1848an. Bere bakarkako lanen artean nabarmenena Etxebizitzaren auzia da eta liburua euskaratu du Ane Garciak; Amaia Prietorena da hitzaurrea.
"Erreformisten proposamenei erantzuna emateko hasi zen Friedrich Engels 1872an esku artean ditugun artikulu hauek idazten", azaltzen du Amaia Prietok Etxebizitzaren auzia liburuaren hitzaurrean. Pierre-Joseph Proudhon filosofo anarkistak eta Arthur Mühlberg medikuak idatzitakoei erantzun nahi zien Engelsek. Haren aburuz etxebizitzaren arazoa ez zen konponduko kooperatibistek, higienistek edota burgesiak haien txostenetan proposatzen zituzten neurriekin, arazoa ekoizpen-modu kapitalistan errotuta zegoen. "Etxebizitza-eskasia honekin amaitzeko, bide bakarra dago: langile-klaseak klase nagusiaren eskutik jasaten dituen esplotazioa eta zapalkuntza abolitzea", aitortu zuen Engelsek.