Jon Alonsok 'Carvalho Euskadin' liburua aurkeztuko du gaur, Zaldiko Maldikon

Euskalerria Irratia 2023ko aza. 22a, 08:21

Jon Alonso 'Carvalho Euskadin' aurkezten. Argazkia: Armiarma.

Arratsaldeko 20:00etan, Zaldiko Maldiko elkartean. Patxi Larrionek egingo du aurkezpena eta Alonso bera izango da bertan.

Jon Alonsok (Iruñea, 1958) Carvalho Euskadin bere azken liburua aurkeztuko du gaur arratsaldeko 20:00etan, Zaldiko Maldiko elkartean. Patxi Larrionek aurkeztuko du eta Alonsok solasaldia eskainiko du.

Iruñea, 2016. Gobernu autonomiko berriak goi mailako kultur jardunaldi bat antolatu du, eta Sanchez Godin intelektuala ezusteko bat ematekoa da bertan: Manuel Vazquez Montalbanen nobela argitaragabe bat agertu da, Carvalho Euskadin izenekoa. Ezustekoa, ordea, nobelaren bat-bateko desagertzeak emango du, eta Jon Alonsoren protagonista ezagunaren, Enekoitz Ramirez Lanbasen, esku geldituko da kasua. Liburu baten barruan beste liburu bat sartu du Jon Alonsok eta haren pasarteak ere irakur daitezke.

Halaber, bi nobela batean harilkatu dituen lan honetan Bartzelonan ere kokatuko gara. 2003. urtean, Pepe Carvalho detektibea Ramblei begira dago, Guadalupe Agirre euskal enpresari handienetako baten enkargua jasoko duenean: 1982an desagertu zen Kokotxa militantearen neska-laguna aurkitzea. Ordainsari altua eskainiko dionez, aurrera egitea erabakiko du Carvalhok, giro arraro baten erditik: esan gabekoak, paper misteriotsuak, jarraipenak...

Jon Alonsoren lan berriak Euskal Herriko politika, janariaren zeremonia, historia hurbila eta literatur munduaren argi-ilunak lotuko ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!