Hitzaldian, euskal zinemagintzaren hastapenetan kokatzen den proiektuaz arituko da Beloki. Izan ere, Ikuska Antxon Ezeiza zinemagileak orduan existitzen ez zen euskal zinema industria abiarazteko proiektu bezala sustatu zuen. "Euskal zinemagintzaren ezaugarriak zehaztu nahi izan zituen eta eztabaida sakona egon zen horren inguruan. Helburua, euskal identitatea izango zuen zinea egitea zen. Berak argi zituen zeintzuk izan beharra ziren ezaugarri hauek, besteak beste euskaraz egindako filmak izan behar ziren".
Denetara 21 dokumental laburrek osatu zuten proiektua, besteak beste Jose Luis Egea, Pedro Olea, Montxo Armendariz, Mirentxu Loiarte, Xabier Elorriaga eta Koldo Izagirre zuzendarienak. Horietako batzuk ikusteko parada ere eskainiko du hitzorduak.