Gernikako Arbola euskal ereserkiaren I. batzarra egingo dute igandean, Urretxun

Bidane Beloki Ezker 2023ko aza. 20a, 14:01

Igandean, azaroaren 26an, Urretxun, Gernikako Arbola euskal ereserkia aldarrikatu nahi du Orreaga Fundazioak, hura zabaldu eta berreskuratzeko.

Aurten, 170 urte bete dira Jose Maria Iparagirrek Gernikako Arbola ereserkia abestu zuenetik. Hartara, Gernikako Arbola euskal ereserkiaren I. batzarra antolatu du Orreaga Fundazioak Urretxuko Udalaren laguntzarekin. Batzarraren helburu nagusia ospakizuna eta omenaldiaz gain, adierazpen bat irakurtzea, zabaltzea eta sinatzea da, Gernikako Arbola ereserki bihurtzeko. Agintariek, askotariko ordezkariek, musikariek, kultur edo kirol arloko kideek, eta oro har, Euskal Herriko herritarrek bat egin dezaten sinatuko dute adierazpena. "Egungo ereserki ofizialei kalterik egin nahi gabe, Gernikako Arbola dela artean ere munduko euskal herritar guztiak senidetzen gaituen ereserki historikoa", azaldu dute.

Horretarako, hiru eguneko egitarau zabala antolatu dute. Azaroaren 22an, asteazkenean, 18:00etan Gernikako Arbola euskaldunon ereserkia hitzaldia eskainiko dute Urretxuko udaletxean. Ostiralean, hilak 24, berriz,  Gontzal Mendibilek eta Goiargi abesbatzak kantaldia eskainiko dute. Igandean, 26an, ospakizun eguna izango dute. Batetik, Gernikako Arbola euskal ereserkiaren I. batzarraren manifestua onartuko dute. Ondoren, kalez kale kantu-jira  eginen dute. Eta, azkenik, ereserkia abesteko ekitaldia eta bazkari herrikoia egingo dute; bazkarian apuntatzeko epea luzatu dutela nabarmendu dute eta herritar guztiei gonbita zabaldu diete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!