2003ko azaroaren 29an, duela 20 urte, Valdemoroko Madrilgo kartzelan preso zegoen lagun bati bisitara egiteko bidean, auto istripuan hil zen Sara Fernandez iruindarra. Urtero haren senide, lagun eta auzolagunek gogoratzen dute baina orain, aitortza ofiziala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. "Sara Fernandez eta bere familia modu ofizialean aitortuak izateko Nafarroan benetako urratsak eman behar dira. Gaur egun, salbuespenezko espetxe politikaren alderdi krudelenetariko bat amaitu denean, hori egiteko aukera egokia dela uste dugu. Horregatik, “Sara Gogoan” auzo plataformatik, sakabanaketa politikaren ondorioz, Sara Fernández motibazio politikoko biktima gisa ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatzen diegu Nafarroako erakunde nagusiei" adierazi dute Plataformatik.
Espainiar estatuaren sakabanaketa politikak 16 hildako eta milaka zauritu eragin ditu presoen senitarteko eta lagunek egin beharreko milaka kilometroetan. Aitortzarik izan ez duen indarkeria.
Azaroaren 28an Nafarroako Antzerki eskolan ekitaldi berezia eginen dute Sara Gogoan plataformatik eta azaroaren 29an, istripuaren 20.urteurrena dela eta manifestazioa izanen da alde zaharreko karriketatik. 20 eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin dute deialdiarekin.