"Iruñeko alderdi sozialistarengandik guztiz aldendua dagoen eremuan ari da Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea", esan du PSNko zinegotzi Elma Saizek. UPN ikusten du bakardadean, kudeatu ezinik eta inolako interesik gabe akordioetara iristeko gainerako alderdiekin. Aurrekontuak finkatzeko garaia iristen ari den honetan alderdi sozialistak adierazpen bat eramanen du osteguneko osoko bilkurara salatzeko Ibarrola "inprobisazioan" ari dela, elkarrizketarik erdietsi gabe eta konfrontazio etengabean.
"Autopromozio" pertsonalean ibiltzea leporatu diote Ibarrolari eta bitartean iruindarrei "bizkar ematen" aritzea. Erripagaina, Gurutze Plaza, Sanduzelaiko biribilgunea, Sarasate pasealekua edota Erorien Monumentuarekin zer egin ez dakiela dabil Saiezen esanetan: "Konfiantzarik eskaintzen ez duen alkatea du Iruñeak".
Udala askotarikoa dela onartzeko eskatu dio Iruñeko alderdi sozialistak UPNri. Herritarren ongizatea lehenetsi dezala eta bilatu ditzala akordioetarako moduak. Norberaren interesak alboratu eta interes orokorren bila jar dadila eskatu diote: 2024rako aurrekontuak onartu nahi baditu gainerako alderdiekin hitz egiten eta akordioetara heltzeko prestutasuna eskaintzen hasi beharko duela uste du alderdi sozialistak.