Oposizioak gaitzetsi egin du Carlos Salvador indarkeria matxista ukatzeagatik

Haritz Pascual Garjon 2023ko urr. 11a, 08:44

EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako zinegotziak batu dira Iruñeko berdintasun arduradunaren hitzak errefusatzeko. Azken osoko bilkuran Salvadorrek gizonezkoek izaera biologiko biolentoa zutela esan zuen, indarkeria matxistaren izaera estrukturala eta soziala ukatuz.

Iruñeko berdintasun alorreko ardura duen zinegotziak, azken osoko bilkuran, emakumeek pairatzen duten indarkeria biologikoa dela esan zuen eta ez estrukturala. Carlos Salvadorren esanetan gizonezkoak biolentoagoak dira eta horrek azaltzen du emakumezkoek pairatzen dutena. Ultraeskuinak, indarkeria matxistarik existitzen ez dela esateko erabiltzen duen argudioetako bat jarri zuen mahai gainean UPNko kideak. Oposizioak aho batez erantzun du, Salvadorren hitzak gaitzetsiz, zinegotzia bere erroprobatuz eta Cristina Ibarorla alkateari, berdintasun alorreko arduretatik ken dezala eskatuz. 

"Ultraeskuin negazionista" esan zuen EH Bilduko Zaloa Basabek, "Azalduko diguzue nola emakueen kontrako indarkeria ukatzen duen pertsona batek zuzendu dezakeen berdintasun saila". Bide beretik jo zuen PSNko Nuria Medinak_ "Berdintasun politikak, berdintasunean sinisten ez duen pertsona baten esku uztea baino ideia okerragorik ez zaigu okurritzen". Geroa Baiko Mikel Armendarizek bere hitzak zuzentzea eskatu zion Salvadorri "Entzun zintudanean ultraeskuinaren hitzak etorri zitzaizkidalako burura" eta zentzu berean Zurekin Nafarroako Txema Mauleon, "Atzera egin, barkamena eskatu eta emakumeen kontrako indarkeria estrukturala dagoela onartzeko ordua da" esan zion Salvadorri.

UPNko zinegotziak ez zuen ordea oposizioak esandakoa onartu. Bereari eutsi eta eskuin muturrak ohi duen estrategia erabilita, bere ideien kontrako jazarpena salatu zuen, "Gaurko erreprobazioa inkisitoriala da" esan zuen UPNko kideak. Soilik PPk babestu zuen.

115 egun pasa dira Cristina Ibarrolak agintea hartu zuenetik eta dagoeneko bere hiru zinegotzi izan dira erreprobatuak. Atzoko Carlos Salvadorrez gain, Sanferminetan Gazteluko plazan jarritako taberna barra ilegalak zirela eta Javier Labairuk eta etxez etxeko zerbitzuaren kudeaketagatik Maria Caballerok ere jaso baitute gaitzezpena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!