Zentsura mozioa hizpide, Iruñeko udal bilkuran

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko urr. 6a, 07:30

Ibarrola alkatearen kudeaketa kritikatzen duen mozioa onartu dute. PSNk beste behin ere esan du “pazientzia agortzen” ari zaiola.

Esan gabe doa Espainiako Gobernua eratzeko negoziazio prozesua martxan dela, horren baitan PSOEk EH Bilduren sustengua behar duela, eta negoziazio mahaiaren gainean Iruñeko zentsura mozioa egon daitekeela. Itxura guztien arabera, PSN, zer gerta ere, balizko zentsura mozio horretarako bidea zabaltzen ari da.

Duela astebete, Iruñeko udal eledun sozialista Elma Saizek esan zuen “egoera jasanezina” dela eta “pazientzia agortzen” ari zaiela. Atzo, PSNren udal taldeak Ibarrola alkatearen kudeaketa kritikatzen duen mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran, eta Udalbatzak onartu egin zuen.

Mozio horren eztabaidan, Maria Curiel zinegotzi sozialistak Saizen mezua berretsi zuen: “Ibarrola aldebakartasunez gobernatzen ari da, kolpez kolpe, orain prentsaurrekoa eginez, orain iragarpenena. Pazientzia agortzen ari zaigu”.   

PSNren mozioa aurrera atera zen, gainontzeko indar guztien aldeko botoarekin. Baina Geroa Baiko eledun Koldo Martinezek argi utzi zuen ez duela batere gogoko balizko zentsura mozioa hori Madrildik iristea: “Ez dugu onartuko erabakia kanpotik etortzea. Ezin gaituzte tratatu adingabeak bagina bezala. Ez gara txotxongiloak”.

EH Bilduko Joseba Asiron eta Zurekin Nafarroako Txema Mauleon oso kritikoak izan ziren Ibarrolaren kudeaketarekin. UPNren bozeramaile Maria Caballerok esan zuen oposizioa gezurrak asmatzen ari dela alkatearen kontra, eta agintari erregionalista etengabe saiatzen ari dela akordioak lortzen.

PSNren mozioa kritikoa da Ibarrolarekin eta eskaera zehatza egiten du: “Udal aginte taldeak maiztasun jakin batekin azal dezala proiektu guztien berri, eta hori egiteko tenorean zehatz ditzala exekuzio epeak eta aurrekontuak, gardentasuna bermatze aldera”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!