Iruñeko Emakumeen Etxeak lau jarduera eskainiko ditu euskaraz udazkeneko programan

Bidane Beloki Ezker 2023ko urr. 4a, 14:02

Urriaren 9ra bitarte izena eman daiteke. Antirrazismoa, nork bere burua ezagutzea eta emakumeen ahalduntzea izango dira ardatz.

Urritik otsailera bitartean doako 40 jarduera eta tailer inguru antolatu ditu Iruñeko Emakumeen Etxeak. Topaketak, hitzaldiak, meditazio tailerrak, antzerkia, argazkigintza, zinema, feminismoak eta emakume atzerritarrentzako gaztelerazko ikastaroak izango dira, besteak beste.

Programa bi zatitan banatzen da: saio bakarra duten jarduerak eta hainbat hilabetetan zehar garatzen diren tailerrak. Jarduera gehienak emakumeei zuzenduta daude, nahiz eta batzuk publiko mistoarentzat izan. Jarduerek sarrera librea dute, baina toki kopurua mugatua da, hartara, ia tailer guztietan da beharrezkoa izen ematea. Eskaerak tokien kopurua gaindituko balu urriaren 10ean zozketa egingo litzateke.

Izen-emateak 010 eta 948 420 100 zenbakietara deituta egingo dira urriaren 9ra arte. Programa honi buruzko informazio guztia Emakumeen Etxearen webgunean kontsulta daiteke.

Euskarazko eskaintza

Euskarazko jardueren artean ‘Ezagutu inguruko basalandareak’ lantegia antolatu du Emakumeen Etxeak. Urriaren 18an izango da arratsaldeko 17:30etik 19:30era eta Ione Miren Sola Jimenezek gidatuko du. Emakumeei zuzenduta dago eta tailer praktikoa da, bertatik bertara landareak, dituzten ezaugarriak, onurak eta erabilerak behatu eta ezagutuko dira.

Halaber, antirrazismoa lantzeko irakurketa taldea antolatu dute. Urriaren 26an, azaroaren 23an eta abenduaren 21ean egingo dute. Arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara egingo da eta emakumeei zuzenduta dago. Taldearen xedea tokiko emakumeak* arrazakeriaren aurka sentsibilizatzea eta indarkeria horrekiko kontzientzia kritikoa garatzea da. “Ezagutza, orientabideak eta hausnarketarako gune bat sortzea da helburua, ikuspegi feminista, dekoloniala eta arrazakeriaren aurkakoa oinarri hartuta”, azaldu dute antolatzaileek. Nahitaezkoa da izena ematea, 10 leku daude eta.

Azaroan bestelako bidaia feminista eskainiko dute: ‘Norberarekiko maitasunaren iraultza: bidaia feminista bat’. Astelehen Lilak Nafarroarekin elkarlanean, Vanessa Koppmann Salahek gidatuko du. “Ikastaro honek zeure burua onartzeko eta ahalduntzeko bidaia bati ekiteko behar diren tresnak eta laguntza eskainiko dizkizu”, zehaztu dute programan. Aurrez aurre zein online jarraitzeko aukera egongo da, eta azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo da, arratsaldeko 19:30etik 21:00etara. Ezinbestekoa da izena ematea eta 20 lagunentzat dago lekua.

Azkenik, ‘Ospatu zure barne ahala. Emakumeendako programa. Pizkundea menopausian: Emakumeen eraldaketa besarkatzen’ tailerra egingo dute. Azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an izango dira hitzorduak, arratsaldeko 17:15-19:15 bitartean. Izena ematea beharrezkoa da eta 20 leku daude. Nahitaezkoa da izena ematea (20 leku).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!