Aktorea bere sorlekura, bere sehaskara itzuli da "Tu-tum, Platz!" umorezko ikuskizun berriarekin. Taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan berriz ere Stand Up formatuko bakarrizketari heldu dio, hori bai, "23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago". Ordubetearen bueltan izango dugu, umorez betetako kolpez-kolpe baten ondoren ardo ona bezala urteen poderioz hobera egin duen ala ardo txarra bezala ozpindu den jakiteko.
Euskarazko stand-up formatuko umoregintza aro oparoan dagoela baieztatu du Plazaolak eta pozik agertu da horrekin, izan ere, duela bi hamarkada atzera eginda ia ez zegoen euskaraz horrelako formatuan umorea egiten zuenik. Txalo Produkzioak eta Lamandangaren eskutik datorren ikuskizunean, Plazaolak bere esperientzietan oinarritutako umorea eskainiko du, norbere buruari barre egiten dion umorea hain zuzen ere. 20:00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak Gayarre Antzokiaren webgunean eskuratu daitezke.