Gaiarrek proposamen zabala aurkeztu du udazken eta neguko denboraldirako

Bidane Beloki Ezker 2023ko ira. 28a, 08:37

Itziar Ituño eta Ramon Aguirreren 'Hobe ixilik!' antzezlana.
  • Urtarrilaren 31ra bitartean 36 ekoizpen taularatuko dituzte; euskarazko 8 emanaldi baino gehiago haien artean. Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta edota Anne Etchegoyen izango dira tartean.
  • Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke.

Martha Graham dantza konpainiak emango dio hasiera Gaiarre antzokiko denboraldi berriari. Urriaren 20an hasiko da programazioa eta urtarrilaren 31ra bitartean 36 ekoizpen igoko dira eszenatokira.

Ekoizpen nafarrek tarte berezia izango dute denboraldi honetan. Euskarazko lanen artean nabarmentzen dira Tdiferencia konpainiaren Onin eta antzerkiaren misterioa lana; Arrain bat bezala Producciones Maestras taldearen eskutik; edota Belén Otxotorena antzezle eta zuzendariaren Peer Gyntekin amesten.

Bestelako euskarazko proposamena iritsiko da abenduaren 22an Gaiarre Antzokira Itziar Ituño eta Ramón Aguirreren eskutik: Hobe ixilik!. Berriketan, zirikatzen, eztabaidatzen. Zertaz? Ez du axola. Zuzentasun politikoari buruzko komedia bat eskainiko dute. Patxo Telleriak berriz, denboraldiari amaiera emango dio urtarrilaren 31an. Bake lehorra behin gerra bat hasita hura gelditzeko zailtasunaz hausnartzen duen ekoizpena da.

Azkenik, eguberrietako programazio bereziaz gozatzeko aukera ere egongo da. Antzerkiaz, zirkuaz eta dantzaz aparte, musikak ere tartea izango du, Anne Etchegoyenek eta Eñaut Elorrieta artistek, kontzertuak eskainiko baitituzte. Edozein ikuskizun ikusteko sarreren salmenta, gaur bertan hasiko da goizeko 10:00etan.  

Kontsultatu hemen programa osoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!