Belosoko aldapan oinezkoentzako eta bizikletentzako erraila zabaltzeko hitzarmena sinatua zuten Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak, Burlata eta hiriburua lotzeko. Hitzarmen hori hautsi egin du Cristina Ibarrola alkate erregionalistak; izan ere, atzo, bere udal aginte taldeak uko egin zion lanen esleipenarekin aurrera egiteari. Proiektuak aurkezteko epea urriaren 17ra arte zegoen zabalik, baina esleipena bertan behera utzi dute.
UPNren arabera, proiektuak 350 zuhaitz moztea ekarriko luke, eta horrek kolokan jar lezake mugikortasuna modu jasangarrian bultzatzeko Europako diru laguntzak jaso ahal izatea. Udal aginte taldeak zalantza hori argitzeko galdera bidali du Europara. Eta proiektua aldatu nahi du, zuhaitzak moztea ekidinez aurrera atera ahal izateko. Nolanahi ere, Europako diru laguntzak jaso ahal izateko proiektuko lanak abenduaren 31rako esleiturik egon beharko lukete, Europako laguntzak irits daitezen.
Iruñeko Udalak proiektuak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena eskatu zion Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari. SER irrati katearen arabera, txosten hori ostiralean iritsi zen Udaletxera, eta ondorioztatzen du kalteak ez liratekeela larriak. 270 zuhaitz moztea eraginen luke. Zuhaitz horietan habia daude, biak mikenak.
Atzera egitea ohiko bihurtzen ari da ristina Ibarrolaren lehen 100 aginte egunetan: hala egin zuen Zangoza karrikako lurrazpiko aparkalekuarekin eta San Fermin Txikii festetako komun eramangarriekin; hala egin du orain Belosoko errailarekin.