Eguerdian abiatuko dira 2023ko Aldapako Sanferminak, baina Iruñeko Alde Zaharreko hainbat eragile eta talderen lokaletan ez da aurreko urteetako festa girorik izanen. Atzo arratsaldean, Iruñeko Udalak jakinarazi zuen lokal itxietan aurreikusiak eta dagoeneko iragarrita ziren ekitaldiak debekatzen dituela, “auzokideendako kaltegarriak” direlakoan.
Jai Batzordeak debeku hauek salatu ditu eta erabilitako argudioa ere kritikatu. “Azken urteetan, auzokideen, eragileen eta hainbat lokalen artean adostasunetara iristeko lan egin du Alde Zaharreko Jai Batzordeak, irizpide komun batzuen baitan auzokideen festarako eta astedenerako eskubideen artean oreka bilatuko zuten ekitaldiak antolatzeko, horretarako ordutegiak, zaratak eta bestelakoak doituz. Udalak jakinarazitako debekuek auzoarentzat garrantzitsuak diren hainbat gune zigortzea dakar, udal horrek berak, urtean zehar, auzokideontzat askoz kalte handiagoak eragiten dituzten ekitaldiak baimendu eta, are gehiago, bultzatzen dituen bitartean, zaratak eta zikinkeria sortuz, eta auzokideon deskantsuan eraginez”, adierazi dute prentsa ohar baten bitartez.
Komun publikoen aferarekin gertatu bezala, akordioa eta konponbidea eskatu diote Iruñeko Udalari. Debekuengatik protesta egiteko, dantza saio herritarra, Dantzazoroa antolatu dute auzokideek Iruñeko Udal plazan, larunbat eguerdian.