Labak terraza lehenbailehen jartzen uzteko eskatu dio Iruñeko Udalari

Bidane Beloki Ezker 2023ko ira. 18a, 12:49

Auzi honek "egindako kalte ekonomikoa eta kendutako denbora" salatu ditu Labak. Ordenantza betetzea eta auzitegiek diotena betetzea eskatzen dute.

Duela hilabete Labak bide "malkartsu eta luze" baten ostean terraza paratzeko baimena ematen dien erresoluzioa jaso zuela iragarri zuen. Hala ere, Windsorreko kideek haien terrazari eutsi eta kentzeari uko egin zioten eta gaur bertan Labak jakinarazi duenez oraindik Iruñeko Udalak ez du agindu hori bete.

Abuztuaren 1ean Toki Administrazio eta Despopulazio zuzendari orokorrak 283/2023 erresoluzioa sinatu zuen. Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2022ko urrian hartutako erabakia modu subsidiarioan betearazteko, Laba Elkarteari terraza izateko baimena aitortzen ziola azaltzen zen bertan. Erresoluzioaren berri izan bezain pronto Hiritar Segurtasunera jo zuen Labak. Adierazi duetenez "idazkariak dena prest zuenean, prozesua gelditu zuten iraila hasiera arte erresoluzioari helegiteak paratzeko aukera zegoelako". Windsor tabernak helegitea jarri zuen, baina iraila hasieran atzera bota zuen Toki Administrazio eta Despopulazio Zuzendari Orokorrak. Horren berri jaso zuten irailaren 4an eta "egoera ikusita, erresoluzioa betetzea beste aukerarik ez zegoela" uste zuten, baina ez da hala izan. 

Agindua bete beharrean, Hiritar Segurtasun alorrak bilera batera deitu zuen Laba. Han beste proposamen bat egin zuten, baina Labak uko egin zion, "ez baitu erresoluzioak dioena betetzen, eta, gainera, bizilagunen, ondoko hotelaren eta Labaren kalterako izanen litzatekeela" uste dute. "Ez dugu inolako arrazoirik ikusten epeak luzatzen jarraitzeko; aitzakiak baino ez dira", aldarrikatu du Labak zabaldutako prentsa oharrean.

Eskari horren berri emateaz gain, Labak argiki gaitzetsi du "auzi honek poriektuari egindako kalte handia". Ez bakarrik agerikoa den kalte ekonomikoa, baizik eta "okerrena auzi honek kendu digun denbora izan da". Laba sarearen helburua euskara eta euskal kultura bultzatzea da, hiriari euskaraz bizitzeko, euskaraz sortzeko eta euskaraz adierazteko gune ireki bat eskaintzea. "Zoritxarrez proiektua garatzeko baliatu genezakeen energia eta denbora asko kendu digu auzi honek", ohartarazi dute. Gauza bakarra eskatu du Labak: "ordenantza betetzea eta auzitegiek diotena betetzea; legea bete dezatela, alegia".

Bide batez, "proiektuan gogor lanean jarraituko dugula" berretsi du Labak. Hain zuzen ere, aste honetan ekingo diote denboraldi berriari San Fermin Txikiko jaietarako antolatutako kultur jarduerekin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!