La Pamplonesak egin ohi duen lan sozialari jarraipena emateko helburuarekin sortu zituzten iaz Sari Solidarioak, eta aurten, bigarren edizioa ospatuko dute urriaren 29an Gaiarre antzokian. Zaporeak eta Haziak izango dira aurtengo saridunak. Izan ere, Nekane Solana La Pamplonesako presidenteak aitortu duenez, bozkaketan berdinketa eman da eta bi erakundeak saritzea erabaki dute.
Biak ala biak, "ezinbesteko ekarpen soziala" egiten dutela nabarmendu du Solanak. Sari honek erakunde hauetan lan egiten duten langile eta boluntario guztien eguneroko lana eta sortutako elkartasun sarea saritzen dute. Zaporeak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien die, gaur egun, zehazki Grezian daudenen pertsona zaurgarrienei laguntzen diete. Bizi baldintza duinak ematen ahalegintzen den beste erakunde bat da Haziak. Tutoretzapeko eta tutoretzapean egon diren gazteentzako gune seguru bat sortu du, esperientziak partekatu eta bizitza betea izaten ikasteko.
Kontzertuak haien lana saritzeaz gain, indartzeko xedea ere badu. Horregatik, kontzertuan lortzen den dirua bere osotasunean saritutako bi erakundeek jasoko dute. Ikuskizunean bertan, La Pamplonesarekin batera hainbat gonbidatu igoko dira oholtzara, haien artean Rock musikak tartea izango du Enrique Villareal el Drogasen eskutik, eta euskarak ere bai, Ibil Bedi taldeko Ibai Osinaga eta Amets Arangurenen ahotsek eta testuek lagunduta. Sarrerak gaurtik aurrera Gaiarreren txarteldegian zein webgunean eskuratu daitezke 12 euroren truke.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!